Danok Bat clubak, Danok Bat Futbol-Psikomotrizitate Eskolaren bidez, futbol eta psikomotrizitate eskola izateko formazio proiektua aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Lau urte dira Danok Bat Eskola birpentsatu zenetik, bi urteko azterketa- eta hausnarketa-prozesu baten ondoren. Prozesu horretan, kirolaren euskal legearen postulatuak defendatzearen aldeko apustu irmoa egin zen: «Haur praktikatzailearen hezkuntza-garapena osatzea, eta, aldi berean, kirolari bakoitzaren banakako beharrak asetzea».

Horretarako, psikomotrizitatearen aldeko apustua egin zen, haurra osotasunean kontuan hartzen eta ez soilik kirol-arloan. Bi diziplinetan (psikomotrizitatea eta futbola) osatutako lantalde bat eratu zen, eta, aldi berean, 5 eta 7 urte bitarteko adinetan espezializatuta, adin horietan haurraren benetako premien araberako zerbitzua emateko. Gainera, eskolak hasiera eman zion entrenamendu-metodologian eskola-futbolaren hurrengo etapan ere aplikatzeko joerari, hura berraztertuz eta aberastasun handiagoa emanez.

Danok Bat Futbol-psikomotrizitate Eskolak, haurra kirol-jardueran modu atsegin eta erakargarrian sartzeko asmoz, futbol eskolen arteko partiden metodo bat garatzen hasi zen, non futbola haurraren beharretara egokitzen den. Horrela sortu zen “Olgetan” ekimena, 3×3 (5 eta 6 urte) eta 5×5 (7 urte) formatuetako eskolen arteko topaketak egiten dituena. Ekimen honetan, gainera, haurraren ingurunea kontrolatzen da, atsegina izan dadin eta uneoro goza dezan.

Bi urteko barne-garapenaren eta barne-praktikaren ondoren, aurten beste klub eta eskola batzuek ere parte hartu dute, hala nola Urretxindorra Kirol Elkarteak, Derio-Arteagak eta Gurutzetak.

Urtarrilean eman da ezagutzera proiektua Bizkaiko Foru Aldundian, eta aste honetan Legebiltzarreko talde parlamentarioetako bati eman zaio horren berri harrera ona edukiz. Izan ere, epe labur batean Legebiltzarreko talde guztien aurrean aurkeztuko da, kirolaren euskal lege berria gauzatzearen testuinguruan, jardunbide egokien adibide gisa.

“Olgetan” ekimenak bere bidea egiten jarraitzen du, eta gaur egun ahalik eta eskola, klub eta ikastetxe gehienetara iristea du helburu, datorren ikasturtean eskolen arteko topaketak antolatze aldera, haurrak kirolean modu egoki eta atseginean has daitezen. Gaur egun, hogeita hamar elkarte ingururekin jarri gara harremanetan (nahiz eta datozen egunetan kopurua handituko den), datorren apirilaren 5ean Danok Bat Cluben egoitzan egingo den bilera informatibora gonbidatuz.

Utzi erantzuna