Azken hamarkadan Danok Bat taldea gero eta ahalegin handiagoa egiten ari da osasun-zerbitzu osoagoa izateko. Esan beharrik ez dago egunerokotasunean osasun ona izateak bizi-kalitate ona izatea dakarrela. Gainera, kirol-arloan ezinbestekoa da kirolariaren errendimendu ona lortzeko.

Horregatik, arlo horretan dugun kezka eta egiten dugun lana gero eta handiagoa da; hortaz, gero eta osasun-zerbitzu osoagoa izaten saiatzen gara, ahalik eta osasun-arlo gehien hartzeko modukoa.

Uste dugu osasuna ongizatea dela, bai maila fisikoan bai maila mental eta sozialean. Elkarri hertsiki lotuta dauden bi alderdi direla uste dugu. Horregatik, ez diogu osasunaren alde fisikoari bakarrik heltzen; aitzitik, ohitura osasungarriak sustatzen saiatzen gara, bizi-, elikadura- eta higiene-ohitura osasungarriak, hain zuzen ere. Horiek haur eta gazte zein gurasoei irakasten dizkiegu modu progresiboan, Danok Bat Eskolako haur txikienetatik hasita.

Jokalarien osasun fisikoari dagokionez, klubak lesioak prebenitzeko eta osatzeko zein jokalariak taldearen laneko errutinara berregokitzeko osasun-zentro bat du. Bertan bi fisioterapeutak eta berregokitzeko lanetan espezialista den prestatzaile batek lan egiten dute. Gainera, taldeen prestatzaile fisikoekiko etengabeko komunikazioak hobekuntza argia ekarri du alderdi horretan. Hau da, muskulu-lesioak dituzten jokalari gutxiago dago, eta lesio-mota horiek dituztenak lehenago eta seguruago osatzen dira, berriz min hartzeko ia arriskurik gabe.