Psikomotrizitate futbol eskola 2023/2024

Psikomotrizitate Futbol Eskolaren Metodologia

Umeak gaitasun batzuk ditu eta gaitasun horiekin ingurune jakin batean moldatu beharko da. Jolas, joko eta ekintzen bitartez, umearen heltze psikologiko-motrizaren sustapenean eta norbanakoaren garapenean lagunduko dugu. Horretarako bi espazio erabiliko ditugu; Psikomotrizitate aretoa eta futbol zelaia.

psikomotrizate

Psikomotrizitate aretoa

Psikomotrizitate aretoan, Bernard Aucouturierren “Praktika Psikomotriz” delakoa metodologia garatuko dugu.

Praktikaren ibilbidea edo garapena:

Harrera: Psikomotrizistak umeak aretora ekartzen duen horrekin, osotasunean, entzun eta hartuko du. Honez gain, umeek saioan zehar egingo dituzten proiektuen inguruan adierazpen batzuk egingo ditu. Horren ondoren psikomotrizistak psikomotrizitate praktikan oinarrizkoa den araua gogoraraziko die: “ezin da minik hartu, ez minik eman”. Sarreratxo honen helburua umea komunikaziora ireki eta jolasean hasteko bidea ematea da.

Adierazpen motorea: Umeak gune sentsorio-motorean jauziak, igo-jaitsi, korrika, … eginez bere gorputzaren abileziak proban jartzen ditu. Behin tentsioak askatu eta sakonki ziurtasun bat hartzen duenean, jolas sinbolikoari ematen dio bidea, benetan ardura zaizkion fantasien inguruan jolas eginez.

Ipuina: Umeak ipuinaren bidez apurka-apurka mugimendutik distantzia hartuz pentsamendurako bidea hartzen du.

Errepresentazioa: Egurrezko blokeekin eraikiz, marraztuz edota plastilinarekin modelatuz umeak mugimendutik at, bizi duen hori adierazteko saiakera egiten du.

Bukaerako errituala: Umeari bizi duen horri hitzak jartzeko aukera eskaintzen zaio.

Futbol zelaia

Futbol zelaian, berriz, LUDOERGOMOTRIZITATEA erabiliko dugu. Baloia ezagutuz eta berarekiko erlazioa sendotuz, jolas zuzenduak eta espezifikoak bertan jorratuko ditugu.

Zentrazio etapan gaude, umeak bere gorputzean eta baloian jarriko du arreta osoa. Hasieran umea baloian eta bere gorputzean “zentratuta” egongo da. “Deszentrazioa” eraikuntza geldo baten ondorioa izango da.

Eraikuntza horretan umeak benetako beharretaz jabetzea eta berezko jokabideak ulertzea beharrezkoa da. Umearen Futbol hastapenean, hezitzaileek laguntzaile rola hartzen dute, umearen garapena aberastuz eta bultzatuz. Honetarako egoera eta aldagai (objektuak, taldekideak, aurkariak, espazioa, denbora, arauak, …) ezberdinei aurre egiteko estrategiak sustatuz eta irakatsiz.